Albisteak
Atzealdea

Anuska, Santiomendi eta Ergobian izan dira udal ordezkariak, auzo horietako lanen inguruko argibideak ematen

1
Uztailaren 10ean Anuska auzoan, uztailaren 11n Santiomendiko azuoan eta uztailaren 15ean Ergobian izan dira Obra eta Zerbitzuetako eta Hirigintzako zinegotziak eta alkatea, auzo horietako lanen berri emateko.

2019·07·16


Bizilagunen eskariz, uztailaren 10ean Anuskako auzora bertaratu ziren Andoni Gartzia Hirigintzako zinegotzia, Aitor Güemes Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia eta Xabier Urdangarin alkatea. Bilera horretan auzo horretako irisgarritasuna hobetzeko azken hilabeteotan egiten ari diren hiritartze lanen berri eman zuten. Horrekin batera, auzotarrak eta udal ordezkariak bat etorri ziren auzoa biziberritzeko hiritartze proiektu orokorra egitearen premiaz. Udal ordezkariek konpromisoa hartu dute auzoa osorik berritzeko proiektua idazteko eta auzotarrekin partekatzeko. Irigarritasun hobetzeko bi arrapala egiteaz gain, bien artean lorategia berritzeko lanak aurreikusi ditu udalak. Urtea amaitzerako lanik handienak amaituta egongo dira.

Satiomendin uztailaren 11n egin zen bilera, iluntzeko 20:00etan. Santiomendin, auzoa zeharkatzen duen errepide zatia berritzeko lanak egingo dira (errepide-azala berritu, argiteria aldatu eta argiteriaren kableak lurpetik eraman). Lan horiek irailean hasiko dira eta bi hilabeteko iraupena izango dute. Horrekin batera, Santiomendiko iturria eta aska berritzeko lanak ere laster egingo dira. XIX. mende amaierako iturri hori izan zen hainbat belaunalditan auzoari ura eman ziona. Inguruko baserriek hortik hartzen zuten edateko ura; abereak horko askara ekartzen zituzten; arropa bertan garbitzen zuten. Iturri hori eta multzo osoa (iturria ur biltegia, aska...) berreskuratu eta birgatzeko lanak egingo ditu udalak.

Ergobiako plaza oinezkoentzat. Udal ordezkariak uztailaren 15ean bertaratu ziren Ergobiara, plaza oinezkoentzat izateko azken hilabeteotan udala eta auzotarrak egiten ari diren prozesuaren haritik. Prozesu horren helburua da Ergobiako plaza oinezkoentzat izatea eta aparkaleku iraunkorra izateari uztea.

1