Albisteak
Atzealdea

Kultur Etxearen izena erabakitzeko inkesta, martxoaren 17ra arte

Martxoaren 11tik martxoaren 17ra izango da. Botoa eman dezakete Astigarragan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek. Botoa eman behar da webgunearen bidez, aurrez erregistratuta (erraza da, minutu batean egiten da).

2020·03·11


Kultur Etxe berria badator. Eraikina amaituta dago eta une honetan udala ekipamenduak prestatzen ari da: ikus entzunezko ekipamendua, altzariak eta beste hainbat ekipamendu. "Izenik ez duena, ez da" dio esaera zaharrak, eta, beraz, kultur etxe berriari izena jartzeko unea iritsi da.

Proposamenak aurkezteko epean hainbat proposamen jaso ditugu eta, aztertu ondoren, bi hobetsi ditu. Baztertu egin dira toponimo nahasgarriak (gertuko beste kale edo ingururen batenak direnak) edota desegokitzat jo direnak. Era berean, hobetsi dira kokapenarekin zerikusia dutenak edota Kulturako Batzordeari egokiak iruditu zaizkionak.

Horren guztiaren ondorioz, Kultura Batzordeak erabaki du bi hobestea eta bi horietatik zein aukeratu erabakitzeko inkesta bat egitea.

Lehen inkestan tresna desegoki bat erabili genuen eta, ondorioz, hainbat pertsona botoa behin eta berriz ematen ari zirela ikusita, udalak erabaki zuen bertan behera uztea.

Bigarren inkesta

Bigarren inkesta hau egiteko Foru Aldundiak landu eta prestatu duen Partaidetzarako plataforma erabiliko dugu. Botoa eman ahal izateko, aurrez erregistratu egin behar da. Erregistratzeko oinarrizko datuak adierazi behar dira (erraza da, minutu batean egiten da). Erregistratzeko datuetan NAN zenbakia adierazi behar da, besteak beste. Sistemak egiaztatuko du adierazitako NAN zenbakia Astigarragan erroldatuta dagoen ala ez (horrela ez baldin bada ezingo du aurrera egin eta botorik eman). Era berean, NAN zenbaki berak botoa behin bakarrik eman ahal izango du.

Boto kopurua 100 baino txikiagoa baldin bada, emaitza ez da loteslea izango eta Kultura Batzordeak erabakiko da. Kopuru hori gainditzen bada, erabakia loteslea izango da.

Hona hemen proposamenak:

Erribera: eraikina kokatutako dago Urumearen erriberan. Inguru hori bertakoen hizkeran erribera izan da (erriberako baratzak). Proposamen hau egokitzat jo da bertako kokapenarekin lotutako herri hizkerako toponimoa delako. Era berean, "Erribera" hitzak iradokitzen digu kantari ezagun baten kantua.

Manttoni: sagar mota bat da eta emakume izena. Sagar gisa oso orekatua da eta oso ona sagardotarako. Jateko ere bikaina da. Mikatz puntu bat du, gazi puntu bat eta azukrea, baina neurrian. Proposamen hau egokitzat jo da sagarra (nortasuna) eta emakume izena delako.

Bozketan parte hartzeko sakatu irudiari