Berriak
Udalak erabaki du inkesta bertan behera uztea, egiaztatu duelako hainbat erabiltzaile botoa behin eta berriz ematen ari direla.

2020·03·05


Kultur etxe berriaren izena erabakitzeko inkesta jarri zuen martxan Udalak martxoaren 2an, webgunearen bidez. Inkestaren tresna hori prestatuta zegoen gailu batetik behin botoa eman ahal izateko.

Hala ere, egiaztatu ahal izan dugu pertsona berberak behin eta berriz botoa eman duela, hainbat trikimailu erabiliz (nabigazio anonimoa erabiliz, cachea ezabatuz eta abar). Botoa eman ahala emaitza ikusi ahal izateak bi aukeren arteko lehia piztu du nolabait eta baten zein bestekoen aldekoek behin eta berriz eman dute botoa.

Inkesta hori egiteko inkestak egiteko tresna sinple bat erabili dugu, partehartzea erraza eta berehalakoa izan zedin baina, ikusi dugunez, ez du berme nahikorik ematen inkestaren emaitza fidagarria izateko.

Hori dela eta, inkesta bertan behera uztea erabaki dugu.

Beste tresna bat erabiliz inkesta errepikatzeko aukera aztertzen ari gara. Gauzak ondo bidean, laster jarriko dugu martxan.

Bien bitartean, zintzo parte hartu duzuenoi, gure esker ona adierazi nahi dizuegu parte hartzeagatik eta barkamena eskatu, aukeratu eta erabili dugun tresna desegokia izan delako. Gainerakoei, hurrengo inkestetan zintzo eta kiroltasunez parte hartzeko deia egiten diegu.